IUBILO BILBAO ABESBATZA

Abesbatza musikaren interpretazioan ibilbide luzea duen talde mistoa, UPV-EHUko Abesbatzatik jaioa. Honen errepertorioak estilo eta garai guztiak hartzen ditu; musika gregorianotik garaikidera, baita Errenazimentuko, Barrokoko edota Erromantizismoko obra adierazgarrienetatik pasatuz…A capella, zein instrumentu edo orkestraren laguntzarekin.

Musika ibilbide luze honek, enkarguzko obrak estreinatzea edota oratorioak, zarzuelak eta operak interpretatzea ahalbidetu die. Hauetan, izen handiko artistekin kolaboratu izan dute askotan, hala nola Carlos Álvarez, Ainhoa Arteta, María Bayo edo Plácido Domingo. Abesbatza honen antzezpena ohikoa bihurtu zen Arriaga Antzokiko opera denboraldietan.

Proiektu sinfoniko-koral garrantzitsuak ere burutu izan dituzte Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoekin batera, Enrique García Asensio, Edmond Colomer edo Juanjo Mena zuzendari ospetsuen gidaritzapean.

IBAren errepertorioan euskal musika koralaren presentzia nabarmena da, bai folklorikoa eta herrikoia zein garaikidea, azken honi arreta berezia eskaintzen diote. Proiektu berrienen artean, nabarmentzekoa da "Humanity at music" obraren grabazioa eta estrenaldia, Fernando Velazquez-ek konposatua eta zuzendua, Jon Sarasuak idatzia eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera interpretatua.

Ezin da ahaztu IBA izena oso estu lotuta dagoela Julen Ezkurra UPV-EHUko Abesbatzaren sortzailearekin eta zuzendariarekin, gaur egun abesbatza askok, batez ere euskaldunek, baina baita beste lurralde batzuetakoek ere, interpretatzen dituzten obra ugarien konpositore eta harmonizatzailea. Maisu aparta, IBAk bere nortasun eta kolore bereizgarriak zor dizkiona. Ondoren Igone Arteagabeitiak zuzendu du abesbatza eta gaur egun Xabier Mendez Aretxabaletak zuzentzen du.