ZUZENDARIA

XABIER MÉNDEZ ARETXABALETA, Bilbao 1993 

Bilbon jaio zen 1993an, eta txikitatik musikarekiko interes handia sortu zuen. Musika ikasketak 5 urte zituela hasi zituen Bilboko Koral Elkartean eta gitarra klasikoko maila profesionala osatu zuen Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan. 10 urte zituela, Bilboko Koral Elkartean ikasten ari zela, kontserbatorioko abesbatzara batu zen, eta han deskubritu zuen musika koralarekiko zuen grina. Ondoren, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria gazte abesbatzan eta Kataluniako Orfeoiaren gazte abesbatzan parte hartu zuen.

Koru zuzendaritzarekiko maitasuna Esteban Urzelai maisuarekin ikasten hasi zenean loratu zen. Hainbat ikastaro egin zituen Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak antolaturiko koru zuzendaritzako akademian, eta Aitor Biain, Pere Lluis Biosca, Lone Larsen eta Mikael Weddar zuzendariekin trebatu izan da. Gainera, Marta Ubieta sopranoaren, David Fernandez tenorraren eta Nuria Orbearen ahots-teknikako eskolak jaso ditu.

2018an, Areetako Zozoak Abesbatzan hasi zen zuzendari gisa, eta postu hori izan zuen 2023ra arte. 2019an, Akelarre Abesbatza sortu zuen, Bilboko gazteen artean musika korala sustatzeko asmoz. Ordutik, Akelarre Abesbatza erreferentziazko abesbatza bihurtu da euskal abesbatzen panoraman. Gaur egun, Akelarre Abesbatza zuzentzeaz gain, Deustuko Unibertsitateko Iubilo Bilbao Abesbatza eta Xemein Abesbatza ere zuzentzen ditu.

Bere ibilbide musikal nabarmenaz gain, bere prestakuntza akademikoa osatu du eta Fisikako doktore titulua lortu du UPV/EHUn 2023an. Gaur egun, UPV/EHUko Fisika graduko irakaslea da eta CSICeko ikertzailea.